XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alaeddin-ek ez du palestinar itxurarik: ilea horia du eta begiak urdinak, baina ez nuke esango europarra-edo denik ere; ez nuke jakingo nondarra den esaten, arabiarra dela ez baneki.

Komunista ohien alderdiko (PPP, Palestinako Alderdi Herrikoia) kide da Alaeddin, baina Unibertsitatean alderdi ezkertiar guztietako jarraitzaileak biltzen dituen Bloke Progresistan ari da; Fronte Popularreko eta Fronte Demokratikoko kideekin batera, beraz.

Zortzi ordezkari dituzte Ikasle Kontseiluan.

28 urte ditu Alaeddinek eta Elektronika Ingeniaritza ari da ikasten.

Fededuna naizen? Benetan, garrantzirik gabeko galdera da hori.

Auzi hori ehundaka urtetan eztabaidatu da eta ez dago jakiterik zein den jarrera zuzena.

Hemen Bir Zeiten ez da arazo fededun ez zarela aitortzea, zure barruko kontu gisa planteatzen baduzu, baina beste leku batzuetan ateo zarela aitortzea arazo handia izan daiteke.

Bakartu egingo zaituzte, baita familiak ere.

Ez dute ulertuko.

Iparraldean, nire herrian adibidez, onartezina litzateke.

Jeningoa naiz, Zisjordania okupatuaren iparraldeko hiri nagusikoa.

Intifada hasi baino lehenago bi aldiz atxilotu ninduten israeldarrek: bi hilabete egin nituen preso 1985ean, 16 urterekin, eta hilabete hurrengo urtean.

Intifadaren aurreneko urteak Jeninen egin nituen, baina 1990ean, egoerarekin lur jota, kanpora joateko ahalegina egin nuen, bost axola nora, eta Errusiara alde egitea lortu nuen.

Hiru urte egin nituen estudiatzen, eta beste bi Eki Europan barrena, norabide jakinik gabeko bidaian.

1995ean itzuli nintzen Palestinara, Bir Zeitera zuzenean, eta 1996ko irailean atxilotu ninduten berriro.

Bost hilabete egin nituen espetxean.